
Atunontziko 36 marinelak onik daudela jakinarazi du Zapaterok. Seychelleetarako bidean dira, eta etzi etxean espero dituzte
Hainbat iturriren arabera, 2,3 milioi euroko bahisaria ordaindu dute ontzia askatzeko
«Marinelak aske daude eta etxera itzuliko dira». Hitz horiekin eman zuen albistea Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Alakrana Bermeoko atunontziko eskifaia aske utzi zuten piratek atzo eguerdian, 47 egunez bahituta izan ostean. Goiz osoan zurrumurrua baino ez zena baieztatu zuen Zapaterok, 14:30 inguruan, Moncloa jauregian eginiko agerraldian. Eskifaia osatzen duten 36 arrantzaleak -tartean zazpi euskal herritarrak- «onik» daudela eta ontzia «libre» ari dela nabigatzen jakinarazi zuen gobernuburuak. Somaliako kostaldetik Seychelle irletarako bidea hartu zuen Alakrana-k, Espainiako bi fragataren zaintzapean, eta Victoria portura bihar bertan iristea espero dute. Etzi etxean egon litezke denak.
Reuters berri agentziak eman zuen albistea, goizean. Urriaren 2tik Somaliako kostaldetik gertu Indiako Ozeanoan ontzia bahituta zuten piratak lehorreratzen ari zirela zabaldu zuen, «2,3 milioi euroko bahisaria hitzartu ostean», Reutersen arabera. Somalian lehorrean zen pirata baten adierazpenetan oinarritu zen agentzia berria zabaltzeko; «Espainiarekin lortu dugun akordioak gogo betekoa dirudi, eta espero dugu [bahiketa] ezustekorik gabe bukatzea», azaldu zuen agentziak aipatutako piratak. Espainiako Gobernuak ez zuen baieztatua oraindik, eta «zuhurtzia» eskatu zuen. Aurrez, Alakrana-ko patroia Espainiako irrati kate batean mintzatu zen. Bahiketa egun batzuen buruan amaituko ote zen galdetuta, Ricardo Blanchek hori baino «lehenago» izango zela erantzun zuen; 63 pirata zeudela une horretan ontzian, «deiaren zain» zeudela, eta ezin zuela gehiago esan. Berehala zabaldu zen balizko askatzearen berria hedabideetan.
Bien bitartean, Espainiako Gobernuko Presidentziak auziaren jarraipena egin duen krisi batzordearen bilerara deitu zituen Atzerri, Defentsa eta Arrantza ministroak; beste herrialde batzuetan lan bileretan ziren hiruak -Erroman Atzerri eta Arrantza ministroak, eta Bruselan, berriz, Defentsakoa- Madrilera deitu zituen.
Goizeko lehen ordutik lanean zen batzordea, Gobernuko iturrien arabera. Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko presidenteordea, berriz, uneoro kontaktuan izan zen CNI inteligentzia zerbitzuetako eta Defentsa Estatu Nagusiko ordezkariekin.
Zapaterok 12:15erako jarri zuen agerraldirako hitzordua hasiera batean, baina 13:30etara atzeratu zuen gero. Bien bitartean, PPko buru Mariano Raxoiri deitu zion, Alakrana-ren askapen «posible» baten berri emateko. Azkenean, 14:30ak aldera agertu zen jendaurrera albistea baieztatzera.
Elkarlanaren ondorio
Marinelei, familiei eta ontzijabeari elkartasuna agertu zien Zapaterok, «egun zail eta gogorrak» bizi izan dituztelako. PPren jarrera ere eskertu zuen. Eta ontzia askatzea «jende askoren lanari esker» iritsi dela iritzi zion; Armada, diplomazia eta inteligentzia zerbitzuak, eta esku hartu duten hiru ministroak aipatu zituen, eta Fernandez de la Vegaren lanari aipamen berezia egin zion. «Oso albiste ona da, eta guztiak zoriondu nahi ditut». Hedabideei ere zuzendu zitzaien Zapatero, auziaren interes informatiboa ulertzen duela, baina halakoak konpontzeko «pazientzia eta zuhurtzia ezinbesteko tresnak» direla ikusarazteko.
Bere gobernuak «egin beharrekoa» egin duela uste du Zapaterok, «lehentasuna herrikideen bizitzak salbatzea» zelako, beti ere «legearen barruan». Hala, bahisaiari edo piratak atxilotzeari buruzko eztabaidak alde batera utzi nahi izan zituen gobernuburuak, «gauzak ondo atera direla baita garrantzitsuena».
Bi auzi horiek alde batera utzi zituen Fernandez de la Vegak ere, arratsean eginiko agerraldian, eta askapena lan egin duten guztien elkarlanaren fruitu izan dela nabarmendu zuen. Atalanta operazioak aurrera jarraituko duela ere ziurtatu zuen; «Lanean jarraitzen dugu; ongi atera dena Alakrana-ren askapena izan da».
ITURRIA: BERRIA.INFO






No hay comentarios:
Publicar un comentario